Durangoko Azoka + Azokako bisitariekin irakurtzen

Joan den astean, bookhunterblog-ek Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 45. edizioa bisitatu zuen. Abenduaren 4an hasi eta 8ra arte Azoka zabalik egon da Durangoko Landako Erakustazokan. Nahiz eta lehenengo egunean bisitari kopurua ohi baino txikiagoa izan, amaieran, antolatzaileen arabera, aurtengo Azokak azken urteetako salmenta maila mantendu du.
Krisialdi ekonomikoak Azoka aurrera ateratzea arriskuan jarri omen zuen, baina badirudi argitaletxe, editore, idazle, musikari eta, gehienbat, irakurleok berriz ere ondo erantzun dutela eta Durango, beste behin, euskal elkargune kulturala izan da. bookhunterblog Durangon ibili zen, noski, eta Azokari buruzko bideoa prestatzeaz gain, Azokako bi bisitariei eman die ahotsa.

Ekhiñe Egiguren Azkune – 32 urte – Donostian bizi da – Profesioz, arkitektoa; afizioz, euskaraz irakurtzen eta idazten du.
bookhunterblog: Urtero joaten al zara Durangoko Azokara?
Ekhiñe: Aurten joan naizen arren, aspaldian ez nintzen azaldu. Lehen bai, ikastola garaian urtero joaten nintzen eta baita karrerako lehen urteetan ere. Gogoratzen dut lagunekin elkartzeko leku aproposa izan ohi zela Durangoko Azoka, liburu irten berriak ezagutu, idazleekin hitzegin, kontzerturen batera joan; oso zubi polita izaten zen abendukoa.
b: Zergatik, zeintzuk dira arrazoi nagusiak?
E: Oso gustoko nuen Durangoko Azoka; baliabide gutxirekin asko egiten baizen lehen. Azoka, hasi zenean, eliza aurreko atartean egiten zen. Pentsa, ze eremu txikia hartzen zuen orduan urteroko euskal liburu eta diska uztak. Hazia ereinda zegoen eta beraz, uzta hazi ahala, alde zaharrean dagoen merkatura pasa zuten. Izugarri gustatzen zitzaidan niri leku hura. Bazuen bere xarma. Hotz haundia egiten zuen barnean eta askotan itukinak ere izaten ziren. Ondo abrigatuta joaten ginen orduan Durangora. Hantxe lagunekin bildu, erosketaren bat egin, idazle hau edo hura agurtu eta gero, alde zaharreko tabernaren baten epelera joaten ginen gustora. Irakurritako liburuak komentatzen genituen, entzundako diska hau eta hura. Familiari bisita egitea bezala zen orduan Durangora joatea. Orain joaten naizen bakoitzean guzti hori galdu egin dela sentitzen dut eta horregatik ez naiz ia joan ere egiten. Oraingo Azokarekin ez dut konektatzen. Zarata gehiegi dago orain liburuen inguruan.
b: Beste urtetako azokekin konparatuz, nolakoa aurkitu duzu aurtengoa?
E: Liburuei dagokionean aurtengoa urte oparoa izan dela esango nuke. Batipat saiakera arloan beste urteetan ez bezala ale ugari dugu. Sarrionaindia-ren saiakera eta Sarasua-rena hor daude, liburu mardulak. Koldo Izagirre-rena ere bai. Noski ezin ahaztu Andu Lertxundi-ren Eskarmentuaren paperak Entseguaren Sari Nazionala jaso duena; uda honetan irakurri nuen eta izugarri gozatu dut. Gero, poesian ere azaldu dira berriak; Jon Benito-ren Bulkada eta Miren Agur Meabe-ren Bitsa eskuetan, adibidez. Azken hau gomendatzen dizuet, zoragarria da. Ipuingintza edo narrazio motzetan, Montoia-ren azkena Fucking Artists eta Eider Rodriguez-en Katu jendea; haur eta gazte literaturan Meabe-ren Zazpi orduak. Itzulpenen arloan Herta Müller-en Hatsaren kulunka… eta beste hainbat liburu. Urte gutxian, asko aldatu da urteroko argitalpen kopurua eta zer esan handia duten idazleak azaldu dira euskal letren mundura.
b: Zer da gehien gustatzen zaizuna? Zer aldatuko zenuke?
E: Lehen gustatzen zitzaidana Azokaren giroa eta neurria zen. Lekua ere bai, hotza, hezea eta zaharkitua izateagatik, oraindik eraikitze prozesuan zegoen Azoka bat zela sentiarazten zuelako. Oraingo Azokan hiru ezaugarri horiek dira gustatzen ez zaizkidanak; giroa, neurria eta lekua. Urteko nobedadeetan espezializatu den megadenda bat dirudi orain; irakurle soilari baino gehiago komunikabideei irekitako eskaparatea. Aldatzea zaila iruditzen zait eta aldatzekotan, Azoka bera eraldatzen joango dela pentsatzen dut, merkatuaren arabera.
b: Zerbait erosi al duzu aurten?
E: Ez zait aldi batean liburu asko erostea gustatzen. Beraz, ez dut erosketa handirik egin. «Erlea» aldizkariaren azken alea ekarri dut Durangotik eta zenbait liburu fitxatu ditut, datozen hilabeteetan liburudenda txikietan erosteko.
Iker Zaldua Zabalua – 31 urte – Ataunen bizi da – Profesioz, itzultzailea; literatura kritikoa ere bada zenbait aldizkarietan. 

bookhunterblog: Urtero joaten al zara Durangoko Azokara?

Iker: Gustatu egiten zait hara joan, lagun zaharrekin elkartu, hau eta hura lardaskatu eta libururen bat erostea ere bai. Gainera, euskal kulturarentzat egun garrantzitsua dela iruditzen zait, nahiz eta, berez, zelaigune bat baino ez izan sastraka artean, salmentaz haratago, gure nortasuna aldarrikatzeko zita dela uste dut. Dena den, ez naiz urtero joaten, baina hemen eta libre harrapatzen banau saiatzen naiz gurpilak norabide hartan jartzen. Erosketa-poltsa betetzera baino, gure kulturari bultzada emateagatik hurbiltzen naiz, nolabait hartako partaide izateagatik. 1965ean, sortu zenean, asmo hori zuen Azokak, salmentei edo diruari baino horri erreparatu nahi zitzaion eta, gaur egun, oraindik uste dut horretatik baduela eta ahal eta nahi dugunok hala egiten dugu.

b: Beste urtetako azokekin konparatuz, nolakoa aurkitu duzu aurtengoa?

I: Aurten, astearte eguerdiz joan naiz eta, egia esatera, Azokan zehar ibiltzeko ordu egokiena dela iruditzen zait, lasai-lasai, jende pilaketa handirik gabe eta begiko duzun liburua nahi adina miatuz. Berrikuntza gisa, Ahotsenea ekimena aipatuko nuke, egileekin zuzenean egoteko parada ematen da, liburuez, diskoez mintzatzekoa sortzailearekin. Eta gainera, errezitaldi, aurkezpen eta hitzaldi interesgarrientzako txoko aproposa antolatu zutela uste dut, Azokari atxikitako gunean.
b: Zer da gehien gustatzen zaizuna? Zerbait aldatuko zenuke?
I: Azokara sartu bezain pronto, zelaigune zabal horretan zaudela sumatzen duzu, giro hori, gure artekoa, jatorra, hori atsegin dut. Aldatu? uste dut aldatzekorik ez dagoela ezer, urtez urte berrikuntzak barneratzen dira, era egokian, baina kentzekorik ez dut uste ezer dagoenik.
b: Libururen bat erosi al duzu?
I: Bai, erosi dut bai, Gotzon Barandiaranen Errotik eleberria, Jon Alonsoren Astrolabioa saiakera eta Nere Lujanbiok Jorge Oteizari buruz egindako biografia.

Acerca de bookhunterblog

Blog sobre literatura. https://bookhunterblog.wordpress.com
Esta entrada fue publicada en euskaraz, ferias, leyendo con y etiquetada , , . Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s