Hilabete honetan*, bookhunterblog-ek Gurebook.com egitasmoari eskaini nahi izan dio ohi baino luzeagoa den ikerketa posta. Gurebook.com iazko Durangoko Azokan aurkeztutako on line denda da, euskal liburu digitalen saltoki bateratua bihurtzeko asmoarekin sortu dena.
Gurebook.com proiektua hobeto ezagutzeko, bookhunterblog-ek honen arduradun den Ixiar Uria elkarrizketatu du. Galderak erantzuteaz gain, Ixiarrek Gurebooken eros daitezkeen hiru liburu gomendatu dizkigu: «Konbinaketa ugari egin daitezke gure liburuekin… hona bat», dio Ixiarrek.
Ixiar Uria 2010eko Durangoko Azokan. Argazkia: Jose Mari Martínez / Deia.
bookhunterblog: Hasteko, zer da Gurebook.com?
Ixiar: Gurebook.com liburu elektronikoen on line denda da. Gurebooken ezaugarririk nagusiena euskal produkzioan espezializatua dela da. Helburu nagusia: bai bezeroei eta bai argitaletxeei euskal produkzioaren liburu elektronikoen katalogorik zabalena eskaintzea. Aldi berean, komunikaziorako tresna hurbila eta azkarra eskaintzea, hain zuzen ere, atariko blog-arekin lortzen ari garena.
b: Zergatik erabaki duzue euskal idazleek idatzitako liburuak saltzea?
I: Ez zegoen euskal argitaletxeek kaleraturiko liburu elektronikoak soilik saltzen zituen plataformarik eta horretan datza, gure ustez, Gurebooken abantaila nagusia. Orain arte, argitaletxe bakoitzak bere on line dendan saltzen zituen bere liburu elektronikoak eta, noski, on line denda erraldoietan ere badaude euskal idazleek idatzitako liburuak baina beren negozioan oso gutxi esanahi dute eta gure atarian mimo bereziaz bakoitzari merezi duen ikuspena edo bisibilidadea ematen saiatuko gara.
b: Zergatik batu dira gurebook.com sortzeko (teorian behintzat) “lehiakideak” diren argitaletxeak? Liburu digitalean oraindik ez dago lehiakortasunik?
I: Gogoratu Gurebook.com denda bat dela eta zentzu horretan argitaletxe guztietako liburuak saltzen dira. Denentzako ona den proiektu bat eta etorkizunari aurre egingo diona ikusi dute Gurebookeko bultzatzaileek. Eta ez dira argitaletxeak soilik, hain zuzen ere, teknologia enpresak ere badaude ideiaren sorreran.
b: Zeintzuk izango dira abantailak erosleentzat?
I: Erosotasuna, prezioa, denbora… Erosotasuna, irakurgailua arin-arin motxila txiki batean ere eramateko modukoa delako, bertan liburu piloa sartuz gainera. Prezioa ere bai, merkeagoak dira liburu elektronikoak paperezkoak baino, bataz beste %30 merkeagoak. Denbora, oso garrantzitsua, ez duzu denda batera joan beharrik edo, interneten erosiz gero, liburua noiz iritsiko den zai egon beharrik. Minutu batean liburua erosi, deskargatu eta zure irakurgailura pasa dezakezu: irakurtzeko prest!
Gurebook.com plataforma (www.gurebook.com) eta bloga (www.http://blog.gurebook.com/).
b: Liburu digitala, etorkizuna al da? Ondorioz, paperezko liburuek atzera egingo al dute?
I: Bai, etorkizuna da baina ez du zergatik paperezkoa baztertu behar. Biak konpatibleak direla uste dugu.
b: Hasi al da dagoeneko aldaketa edo migrazio hau?
I: Ez dakigu zehazki zein izango den guzti honen etorkizuna eta ez daukagu daturik oraingoz ezer aurreikusteko. Momentuz, bidea egiten ari gara, lehen pausoak ematen, atzean ez geratzeko, alegia.
b: Liburu digitalak irakurri nahi baditugu, erabiltzaileok e-Reader bat edo tablet bat erosi beharko genuke? Zein aukera ditugu merkatuan?
I: Gomendagarria da, bai, ordenagailuan ez da erososa liburu oso bat irakurtzea. e-Readerrak bistarako bereziki diseinatuak daude: tinta elektronikoaren teknika erabiliz, paperezkoaren itxura eta sentsazioa lortzen dute, ez dute argirik emititzen (ordenagailuaren pantailak ez bezala) eta modu horretan bista hondatu gabe, lasai irakur dezakegu nahi dugun denbora guztian. Tabletak, funtzionalitate ezberdinak eskaintzen ditu, eta horien artean, liburu elektronikoak irakurtzea. Aldiz, ez dute tinta elektronikoaren teknologia barneratzen. Merkatuan dagoen aurkera oso zabala da; era, tamaina eta pisu ezberdinetako e-reader eta tabletak daude. Etengabe ari da eskaintza zabaltzen.
b: Liburu digitalak nagusitzen badira, zein izango da liburudenda fisikoen eta liburutegien etorkizuna?
I: Egia esan, liburudenda fisikoen arazoa, askoz ere lehenago hasi zen, Interneten eraginez. Liburutegiei dagokienean, zaila da jakitea baina ukaezina da liburu elektronikoek jabetza intelektualaren inguruan eztabaida garrantzitsua ekarri dutela.
b: Azkenik, Gurebooken eros daitezkeen hiru liburu aukeratu ditzakezu?
![]() |
![]() |
![]() |
bookhunterblog Sustatu albistegian!! http://sustatu.com/1298538403
Me gustaMe gusta