Atzo, apirilaren 9an, bookhunterblog Iparralderantz abiatu zen, Pazko Astelehenean Sarako herrian ospatzen den Idazleen Biltzarra ezagutzera. Sara, zer esanik ez, ikusgarria zegoen, udaberriko egun eguzkitsu batean. «Bukoliko» hitza derrigorrezkoa bihurtzen da horrelako parajea deskribatzeko.
Biltzarra 1984an antolatu zen lehen aldiz, eta hortik aurrera urtero egiten da, jatorrizko helburu berarekin: Euskal Herrian bizi edo Euskal Herriari buruz idazten duten idazleak biltzea. Irakurleak ere gerturatzen dira, noski, argitaletxe desberdinek herriko polikiroldegian jartzen dituzten standak ikustera.
Liburuak gainetik irakurtzeko, idazleekin hitz egiteko, eta erositako aleetan autoreen sinadurak lortzeko aukera emateaz gain, Biltzarrak jardunaldi programa betea dauka.
Atzo, Euskaltzaindiak lau argitalpenen berri eman zuen, Gazteluma Sariaren irabazlea bere liburuaz mintzo zen, eta Biltzarreko sariak banatu ziren, Jakintza elkarteari eta Pierre-Paul Berzaitz musikagileari. Berriki argitaratutako beste hamar liburu ere aurkeztu ziren, saiakerak gehienak.
Durangoko Azokan egon den bisitaria berehala konturatuko zen Sarako Biltzarrean eskaintza ez zela hain zabala. Argitaletxe, babesle, hedabide, eta izenburu kopuruak txikiagoak dira. Baina Sarako Idazleen Biltzarrak bestelako gertutasuna dauka bere alde, bestelako lasaitasuna eta etxekotasuna.
bookhunterblog-ek, kuxkuxean ibili ondoren, hiru liburu hauek aukeratu zituen:
![]() |
![]() |
![]() |