Pasazaite: Xabier Queirugarekin solasean

Dagoeneko hilabete batzuk pasa dira bookhunterblog-ek Pasazaite argitaletxearen berri izan zuenetik. Argitaletxe jaioberria, txikia eta ausarta, beste hizkuntzetan idatzitako liburuak euskaraz kaleratzeko asmoarekin sortu dena. Eta itzultzailearen lanari garrantzia handia ematen dioena.
Azkenean, joan den ostiralean, Pasazaiteri buruz gehiago jakiteko aukera iritsi zen. Email batzuk elkarri bidali ondoren, argitaletxearen sortzailea den Xabier Queirugarekin geratu zen bookhunterblog Boulevardeko erlojuan, kafe bat hartzeko. Agurtu ondoren, “euskara ikasten ari naiz, baina oraindik ez dut guztiz menperatzen”, esan zuen Xabierrek. Beraz solasaldia gazteleraz izan zen, baina Pasazaite argitaletxearen izaera errespetatuz, post honetarako bookhunterblog-ek esandakoa euskaratu egin du.
Lehenengo ustekabea: Xabier Queiruga galegoa da, Vilagarcia de Arousan jaioa. Bilbon Zuzenbidea ikasi zuen, eta Donostian familia sortu du. Bere bikotearekin seme txiki bat dauka eta lanaldi laburreko lanposta, argitaletxearekin bateratzen duena. Bigarren ustekabea: Pasazaite sortu baino lehen, Xabierrek ez zuen liburuaren munduarekin inolako harreman profesionalik.
“Irakurlea naiz, ez dut neure burua argitaratzaile bezala ikusten”, zehazten du Xabierrek. Baina beti izan da irakurle amorratua, eta aspalditik izan du argitaletxe bat sortzeko ideia. Galizian Rinoceronte Editora ezagutu zuen, beste hizkuntzetan idatzitako lanak galegora itzultzen dituen etxea. Rinoceronte sortu zuen itzultzailea / editorea Moisés Barciak argitaletxe bat zer den azaldu zion Xabierri, eta hau egiterakoan, zaletasuna eta lanaren arteko aldea azpimarratu zuen. “Asko zor diot Moisési”, dio Xabierrek.
Nahiz eta Xabierrek bere burua argitaratzaile bezala ez ikusi, onartu onartzen du Pasazaiterekin eskura dituen liburuen artean nolabaiteko hautaketa (eta are gehiago: apustua) egiten duela. “Gustuko ditudan liburuak, gomendatuko nituzkeenak, argitaratzen ditut. Baina irakurtzen ditudan liburu asko ez nituzke argitaratuko”. Xabierren ustez, Pasazaiteren liburuak, beharbada, “merkatua dela eta iritsiko ez zaizkigunak dira. Baina nahiko liburu eskuragarriak dira, ez dira zailegiak”. Kalitatea bai, baina elitismorik ez.
“Idazle honetaz ez naiz orain arte ohartu: jendeak hau esatea gustatuko litzaidake”, laburbiltzen du Xabierrek. Argitaletxe handiek izen potoloak bilatzen dituzte, milaka ale saltzea bermatzen dituzten horiek, baina gero eta garrantzia gehiago duten argitaletxe txikiek ez dute premia hau. Xabierrek Igela, Impedimenta, Funambulista, Sexto Piso, Nórdica, Blackie Books… aipatzen ditu. “Duela 15 urte, bazirudien merkatu guztia hartuta zegoela, baina ez zen horrela. Irakurtzeko liburuak eta irakurleak badaudela ikusi da”.
Xabierren ustez, Internetek eta gehienbat, sare sozialek, prozesu honetan asko lagundu dute. Ez du Twitter-en eragina puztu nahi (“gutxi batzuk gara”) baina Pasazaiteren ibilaldian, publizitatean euro bat ez du gastatu. Hobe da asmamena erabiltzea. Adibidez, hurrengo liburua ezagutzera emateko, kanpaina txiki bat martxan jarri du: noizean behin, muskuilu kiloaren prezioa tuit batekin iragartzen du. Zergatik? Pasazaitek argitaratuko duen hurrengo liburua Birgit Vanderbeke-ren Muskuiluak afaltzeko da.
Andrej Longo-ren Hamar izan zen lehenengoa, Muskuiluak afaltzeko izango da bigarrena. Xabierrek ez dio bookhunterblog-i beste liburuen izenburuak edo idazleak aipatuko, baina guztira zazpi lanen eskubideak erosi dituela dio. Bi liburu alemanez idatzita (“baina ez daukat fokalitzatzeko asmorik”, argitzen du Xabierrek). Bat serbiarrez, eta kasu honetan zaila izan da euskaratuko duen pertsona bilatzea.
“Liburu bakoitzarekin itzultzailez aldatu nahi dut”, dio Xabierrek. Eta askotan gutxietsi egin den lan honi zergatik ematen dion berak hainbesteko garrantzia azaltzen du. “Gaztelera, galegoa, portugesa eta katalana irakurtzen ditut. Baina itzultzaileei esker errusieraz eta alemanez idatzitako testuak ere irakur ditzaket. Eta testu bera bi hizkuntzetan alderatzen duzunean, berehala ikusten da itzultzailea ona den ala ez”. Hamar 2008an Euskadi Saria merezi izan zuen Josu Zabaleta itzultzailearen esku utzi zuen Xabierrek. Eta liburua, Napoliko jargoiz betea, ez zen batere erraza. Euskarazko argotean esamoldeak bilatuz, jatorrizko testuaren muina mantentzea lortu da. Xabierren ustetan, “itzultzailea irakurzalea denean, asko nabaritzen da”.
Elkarrizketarekin batera joango den argazkia lortzeko, bookhunterblog-ek Xabierri liburuarekin agertzea proposatzen dio. Xabierrek Hontza liburudendan bilatzen du Hamar, eta beste hamaika liburuz inguratuta aurkitzen du. Azala apaindura gutxikoa da. “Azal leunak, xumeak nahiago ditut”, dio Xabierrek. Pasazaiteren liburuen azalak diseinatzeko, Donostiako La Personnalité estudioarekin elkartu da. Eta horrela sortu da idazleen jatorrizko herrien forma eta mugekin jokatzeko ideia, emaitza ia abstraktua lortuz.
Xabierrek liburua irekitzen du, bookhunterblog-i azalaren jokoa hobeto erakusteko. Apaltasuna eta harrotasuna batzen dituen keinua da.

Acerca de bookhunterblog

Blog sobre literatura. https://bookhunterblog.wordpress.com
Esta entrada fue publicada en bhb investiga, euskaraz y etiquetada , , . Guarda el enlace permanente.

5 respuestas a Pasazaite: Xabier Queirugarekin solasean

  1. Hamar. Hamar bat ez dakit baina nota ona jarriko nioke liburu honi. Oso oso gustura irakurri dut. Ea bigarren liburua ere beste horrenbestekoa den!

    Me gusta

  2. Pingback: Kaxilda, un nuevo espacio en Donostia | bookhunterblog

  3. Larraitz dijo:

    Birgit Vanderbeke-ren Muskuiluak afaltzeko liburua oso gomendagarria da, nik gazteleraz irakurri nuen eta orain zorionez euskaraz irakurtzeko aukera izango dugu.

    Me gusta

  4. Pingback: Krisian ere, harribitxiak « elearazi

  5. Pingback: bookhunterblog-ek jaso duen libururik politena | bookhunterblog

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s