Noizean behin, liburuak ehizatzen jarraitzeko ohiko esparrua zabaltzeko beharra izaten du bookhunterblog-ek. Eta joan den ostiralean Iruñean egon zen horrelako “safari” literario batean.
Eguna Gazteluko Plazan hasi zen. Bertan dago, 38. zenbakian, Me quiero vivir liburudenda (mapa ikusi). Toki polita eta apaina, liburu hautaketa berezia eskaintzen duena. Eleberri eta ipuin bilduma batzuk; biografiak; argazkigintza, artea eta diseinuari buruzko liburuak… eta oparitzeko (besteei edo norberari) hamaika bitxikeria.
Liburudendan lanean zegoen neskak (bookhunterblog-i izena galdetzea ahaztu zitzaion) 2011. urtearen amaieran ireki zutela argitu zuen. Bere azalpenek, dendak bezala, kutsu baikorra zuten. Askotan, zion, bezeroak liburu «alaien» bila etortzen dira. «Zein liburu gomendatuko zenieke?». Nick Hornby-ren How to be good izan zen bookhunterblog-i bururatu zitzaion izenburua.
Hurrengo bisita alde zaharrean, Kuria kalean (mapa ikusi), kokatzen den La Hormiga Atómica liburudenda izan zen. Sarreran taberna dago, eta goizeko 11.00ak aldera ia mahai guztiak beteta zeuden. Tabernatik pasa eta bat batean liburuz estalitako apalak hasten dira.
Politika, historia, literatura, artea…Fondo handia dute, orduak eta orduak liburuak gainetik irakurtzen pasatzeko modukoa, etxera zer eraman aukeratu nahian.
Liburudendako gela nagusitik atera eta lorategi txiki bat dago. Lorategi honetako etxolan ekitaldiak, liburu aurkezpenak, irakurketak, kontzertuak eta abar antolatzen dituzte. Ostiralean prentsaurreko bat omen zuten. Kazetariak iristen ziren bitartean, liburudendako bi langile goizean jasotako liburuak datu-basean sartzen ari ziren. Liburu bat sailkatzeko arazoak zituzten… «Zer ote da, poesia edo narratiba?».
Langileek azaldu zutenez, La Hormiga Atómica duela 5 urte sortu zen, era kooperatiboan antolatuta dauden 10 lagunen eskutik, Bilboko eta Madrilgo lehen liburudenda politikoen eredua jarraituz. Liburudenda guztiak desberdinak dira, noski, baina La Hormiga Atómica eta dagoeneko blog honetan agertu diren Donostiako Kaxilda eta Bilboko –Anti liburudenden arteko antzekotasunak nabariak dira.
La Hormiga Atómica-tik atera zenean, geldialdi bat egiteko gogoa zuen bookhunterblog-ek. Zaila da mitomaniari aurre egitea, eta Hemingway-en aztarnak jarraituz, Iruña kafetegian kafesne bat eskatu zuen.
Ziur aski, altzari astunak The Sun Also Rises-en garaiko San Ferminetatik ez dituzte aldatu. Etxetik ekarritako liburuaren irakurketan (Nicole Krauss-en La gran casa) pixka bat aurreratu eta bere ibilbidearekin jarraitu zuen bookhunterblog-ek.
Hurrengo bisita ez zegoen hasiera batean aurreikusita. Me quiero vivir dendako neskaren gomendio bat izan zen: Chundarata haur eta gazte liburudenda, Paulino Caballero kalean (mapa ikusi). Duela hilabete batzuk ireki dute, liburuak eskaintzeaz gain, tailerrak antolatzeko asmoarekin. Horretarako, denda-ostean gela berezi bat prestatu dute.
Denda idazmahaiekin apainduta dago, eta paperezko txoriak zintzilikatu dituzte. Kolorez beteriko tokia da, haur zoriontsu baten gela bezalakoa. Baina haurrentzako liburuak ez ezik, helduentzako liburu batzuk ere badituzte, gehienbat komikiak eta eleberri irudiztatuak.
Azkenik, bazkaldu ondoren bookhunterblog Yamaguchi parkeko udal liburutegira joan zen (mapa ikusi). Liburutegi honetan Japoniako liburu bilduma handia dutela eta Japoniarekin zerikusia duten jardunaldiak antolatzen dituztela entzunda zeukan bookhunterblog-ek. Eta aurkitutakoak bere itxaropenak gainditu zituen: Mishima, Oé, Tanizaki, Murakami… eta beste askoren obra guztiak.
Hori bai, pena da liburutegia arratsaldeko 15.00etan irekitzea. Eta pena izan zen arratsaldean lainoa sartzea, Yamaguchi parkea egun eguzkitsu batean irakurtzeko toki aproposa baitirudi. Dudarik gabe, bookhunterblog-ek Iruñera bueltatu beharko du noizbait, hiriaren eskaintza literarioa ikertzen jarraitzeko.
Ikusitako liburu guztien artean, bookhunterblog-ek hiru hauek aukeratu zituen etxera eramateko:
|
|
|