Iaz, konfindamenduan, Slawka Grabowskak eta blog honen egileak (Amaia García Martínezek) abian jarri genuen El refugio de papel literatura-podcasta. Era guztiz amateur batean ekin genion proiektuari, zein ibilbide izango zuen argi jakin gabe, eta azkenean 40 saio argitaratu genituen, bakoitza gai baten ingurukoa. Eskerrak eman behar dizkiegu proiektuari babesa eman dioten erakundeei (Gipuzkoako Foru Aldundiak, Olatuak programarekin, eta Errenteriako Udal Liburutegiak), parte hartzera animatu diren gonbidatuei eta, noski, entzun gaituzten pertsona guztiei.
Aurten proiektuarekin jarraitzeko aukera izango dugu, Errenteriako Udal Liburutegiaren laguntzarekin. Gainera, formatuaren inguruan hausnartu ondoren, aldaketa batzuk egin ditugu (beti hobetzeko asmoarekin). Alde batetik, hilabete osoan zehar gai bat jorratuko dugu, sakonago landu ahal izateko; gainera, hilabetero euskarazko eta ingelesezko saioak tartekatuko ditugu. Gure entzuleek hain gustuko duten gomendioen atala mantentzeaz gain, saio guztietan txertatu ahal izatea espero dugu, Errenteriako Liburutegiko lagunei esker: Arantxa Coca, Pili Mendiri eta, estreinakoz, Marcos Tantos. Bestalde, podcastaren eta Liburutegiaren arteko elkarlana indartzen ari gara, eta honen harira, Liburutegian hilabeteko gaiari eskainiko zaio aparteko txoko bat.
Hilabete honetan, urte berriari lotutako saio berezia prestatu dugu, eta beste lau saioetan, paperezko familiak izan ditugu mintzagai. Zaila iruditu zaigu familia zoriontsuak topatzea: posible al da familia erabat zoriontsu baten inguruan istorio bat idaztea? Beharbada bai, baina ez litzateke oso interesgarria. Tolstói-ek esan zuenez, «Familia zoriontsu guztiak berdintsuak dira; baina familia bakoitza da zorigaiztokoa bere erara». Gehiago jakin nahi baduzu, sakatu esteketan, proiektuaren webgunean sartu, edo gure kanala bilatu Ivoox, Spotify eta Apple Podcast plataformetan.
- Episodio 41: Especial Año Nuevo
- Episodio 42: Familias casi felices
- Episodio 43: Paperezko familiak (euskaraz)
- Episodio 44: Familias infelices
- Episodio 45: Families in Literature (in English)
Ongi etorri Paperezko aterpera!